XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ugalketa.

Bizidunen ugalkera desberdinak.

Belaunaldietan zehar bizidunen jarraitura zaintzeko eta segurtatzeko dago jarria ugalketa.

Horretarako lehenik bizi diren lagun larriek beste izaki berri batzu sortzen dituzte.

Sortzen diren lagun berriak gurasoekin berdinak izaten dira beti, baina heuretatik aske, libre bizi dira, eta bizitzako ihardun eta gorabeherak nork bere kontura betetzeko eran (IRD. 162).

Bi dira nagusiki ugaltzeko bideak: Sexubidezkoa eta sexugabea.

I.- SEXUGABEKO UGALKERA.

Ugalkera honetan, guraso den organismoaren zatitxo batetik hasten da izaki berria edo umea sortzen.

Izaki zelulabakarretan zatibiketaren nahiz zihilketaren bidez gerta daiteke.

Izaki zelulanitzetan landareak eta animaliak bereiziko ditugu: A) LANDAREETAN.

Zenbait landare zelulanitzetan zelula espezial batzu, ugalzelulak, eratzen dira, beren ahalosotasuna berekin gordetzen dutenak: esporak.

Esporok, berriz, bakterien, algen, onddoen, briofiten (oroldio eta hepatiken), pferidofiten (iratze-garoen) eta espermatofiten esporontzietan sortzen dira.

Ugalzelula hauk zelulanitzak direnean, zabalkai deritzate.

Zuntzezko alga asko eta asko hainbat lakainetan zatitzen dira, gero amagandik aldentzen dira eta kolonia berri bana eratzen dute bakoitzak.

Goimailako landaretan aparatu begetatiboaren zati, meristemo primarioak eta sekundario edo berriak dituzten zati batzutatik eratzen da lagun berria.

Maiz gertatzen da herrestadarren bidez ugaltzea ere.